Hogeita hamar bat ikaslek parte hartu dute Lesakako CPEN Basoaren lehen hezkuntza-jardunaldian
CPENek eta Lesakako Udalak antolatutako ekimenak Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako ikasleak bildu ditu
Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako ikasle eta irakasleak, OREKANeko talde teknikoarekin eta Lesakako Udaleko ordezkariekin batera
Lesaka, 2026ko maiatzaren 28a – CPEN Basoak, Nafarroako Korporazio Publiko Enpresarialak (CPEN) sustatutako ekimenak, lehen hezkuntzako ikasleei zuzendutako jardunaldi didaktikoa aurrera eraman du gaur goizean Eskolamendin (Lesaka) basoberritutako eremuan, herriko Udalarekin elkarlanean antolatuta.
Ekintza honek Nafarroako Rural Kutxaren laguntza izan du, baita OREKANen partaidetza ere. Sozietate publikoa proiektuaren kudeaketa teknikoaren arduraduna da, eta gaurko jardunaldiaren gidaritza eta dinamizazioa bere gain hartu ditu. Osotara, Irain Eskola Publikoko eta Tantirumairu Ikastolako 6. mailako 30 bat ikaslek parte hartu dute, euren irakasleekin batera.
CPENeko Jasangarritasun zuzendariak, David Pérez de Cirizak, proiektuari hezkuntza-dimentsioa gehitzearen garrantzia nabarmendu du: “Ingurunearekin zuzenean harremanetan jarrita, belaunaldi berriek baso bat berreskuratzeak, CO₂-a xurgatzeak eta biodibertsitatea zaintzeak zer eskatzen duen ulertzea nahi dugu. Gaur egungo ikasleak izango dira etorkizunean beren herrietako herri-lurren kudeaketan parte hartuko dutenak; horregatik, ezinbestekoa da ekosistemen balioa eta zaintza ezagutzea”.
Bestalde, Lesakako alkateak, Ladis Satrusteguik, ingurune naturalaren eta tokiko komunitatearen arteko loturaren garrantzia azpimarratu du: "Mendiak eta basoak garrantzia handia izan dute Lesakako historian zehar, eta gaur gaurkoz ere, gure izaera eta egunerokotasunaren parte dira. Daukagun ingurune honek gure bizi kalitatean maila ezberdinetan eragin zuzena du eta, hori dela eta, ikuspegi horretatik lan egiten jarraitu behar dugu. Transmisioak eta hezkuntzak garrantzi berezia hartzen dute hemen, egungo eta etorkizuneko herritarrak trebatzea eta horrelako proiektuetan inplikatzea lagungarri izango baita biharko estrategiak definitzeko ".
OREKANeko talde teknikotik, Luisa Ilundain ingurumen-hezkuntzako teknikariak ikaskuntza praktiko eta esperientzialaren balioa goratu du: "Ikasleek sute baten ondoren ekosistema batek nola eboluzionatzen duen ikustea, hausnartzea eta ulertzea bilatu dugu; kontaktu zuzen horrek eta jarduera ingurune hurbilean burutzeak ikaskuntza esanguratsuagoa eta iraunkorragoa ahalbidetzen du ".
Era berean, parte hartu duten ikastetxeetako irakasleek oso modu positiboan baloratu dute jarduera; ingurumenarekiko sentsibilitatea suertatzeaz gain, ikasleei karbono-aztarna, biodibertsitatea edota sute baten ondorengo ekosistemen leheneratzea bezalako kontzeptuak modu praktikoan ulertzeko aukera eskaini zaielako.
Ingurumen-hezkuntza tokian bertan
Jardunaldia ikastetxeetan hasi da, CPEN Basoaren proiektuari eta funtsezko kontzeptuei —karbono-aztarna, xurgapen-sistemak eta emisioen konpentsazioa— buruzko aurkezpen batekin.
Ondoren, ikasleak Auzoberriko atsedenlekura joan dira, eta handik oinez abiatu dira Eskolamendiko birlandaketa eremuraino. Ibilbidean zehar, baso-ekosistemetan, paisaian eta suteek eragindako kalteetan oinarritutako jarduera didaktiko eta interpretatiboak egin dira.
Atsedenaldi baten ondoren, jarduerak toki berean jarraitu du eta ikasleek baso-espezieen identifikazioa, espezie autoktonoen eta aloktonoen bereizketa eta birsorkuntza naturalaren eta birlandaketaren prozesuen funtsezko alderdiak landu dituzte.
Proposamenak aukera eman du, halaber, basoen eta klima-aldaketaren arintzearen arteko harremana lantzeko, baita CO₂ emisioak konpentsatzeko gaur egungo estrategiak ezagutzeko ere, basoberritze-proiektuen bidez.
Jarduerak OREKANeko talde teknikoak dinamizatu ditu: Luis Sanzek, Uraren eta Ingurumen Ebaluazioaren arloko zuzendariak; Javier López-Pasarínek, Baso Kudeaketako teknikaria; eta Ana Varela eta Luisa Ilundain ingurumen-hezkuntzako teknikariek, Mendikate ingurumen-hezkuntzako enpresaren laguntzarekin.
Eskolamendi parajearen birlandaketa
Eskolamendin egindako basoberritzea CPEN Basoaren lehen fasearen barruan kokatzen da; fase hori 2023an hasi zen Lesakako udalerrian suteek kaltetutako eremuak berreskuratzeko helburuarekin. Guztira, 13 hektarea baino gehiago birlandatu dira, eta 18.000 zuhaitz baino gehiago landatu dira, kaltetutako baso-masen berreskurapenean eta ekosistemaren birsorkuntzan lagunduz.
Proiektu honek berreskurapen ekologikoaren prozesu bati hasiera ematea ahalbidetu du suteek bereziki kaltetutako eremu batean, birlandaketa funtsezko tresnatzat hartuz eta paisaia leheneratzeko eta karbono-hobi berriak sortuz.
Ia hiru urte igaro ondoren, ikastetxeekin egindako lehen esperientzia honek dimentsio sozial eta pedagogiko berri bat txertatu dio proiektuari, belaunaldi berriei basoen kudeaketa jasangarriaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren garrantzia hurbilduz.
CPEN Basoari buruz
CPEN Basoa Nafarroako Enpresa Publikoen Korporazioak (CPEN) bultzatutako ekimena da, zeinak bultzada publikoa eta enpresa-konpromisoa uztartzen dituen suteek kiskalitako lurrak CO₂-a xurgatzeko eta bizitza birsortzeko gai diren baso berrietan bihur daitezen.
Proiektuak, OREKANEN kudeaketa teknikoarekin, enpresa zein erakundeei aukera ematen die beren berotegi-efektuko gasen emisioak borondatez konpentsatzeko, egiaztatutako birlandaketa jardueren bidez. Testuinguru honetan, CPEN Basoan parte hartzen dute, besteak beste, Nafarroako Rural Kutxa, Servicios Ecológicos de Navarra (SEN), Rodona Industria Gráfica, Autopistas de Navarra (AUDENASA), Hidro Rubber, ArcelorMittal (Lesaka), Osés Construcción, Arantza Hotela eta Punto de Vista Nazioarteko Zinema Dokumental Jaialdiak (NICDO), ingurune naturalaren berreskurapenean lagunduz eta, aldi berean, beren karbono-aztarnaren zati bat konpentsatuz.
Orain arte, CPEN Basoak bi jarduera nagusi garatu ditu: lehena Lesakan eta bigarrena Legardan, non 35.000 zuhaitz baino gehiagorekin 21 hektarea baino gehiago birlandatu diren. Ekimenak aurrera egiten jarraitzen du, Nafarroako beste eremu batzuetan —suteek kaltetutakoetan— eredu hau hedatzeko lan-ildo berriak garatuz.
Informazio gehiago: https://www.sociedadespublicasdenavarra.es/es/cpen/bosque-cpen

